XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lapurdiko herri eder baten inguruan, bere izenik ez badakigu ere, leize handi bat zegoen.

Inork ez dakien eran, herritar guztien larritasunerako zazpi buruko sugetzarra atera zen leize hartatik.

Herensugea deitu zioten.

Mamutzarrak urtero neska gazte bat hari emateko agindu zuen, bestela ez zuela inor bizirik utziko eta.

Horrela bada, familia-buru guztiak bildu eta zozketa egin zuten herensugeari eskaini beharreko neska zein izango zen erabakitzeko eta erregearen alabari suertatu zitzaion.

Egun hura iritsi zenean, neska zuhaitz bati lotu eta leizearen sarreran utzi zuten.

Begiluze asko beste zuhaitzetara igo ziren ikuskizuna ondo jarraitzeko, baina lurrean ez zen inor gelditu neskari laguntzeko.

Horretan, han inguruan bere artalde eta txakurrarekin zebilen artzain bat hurbildu zitzaion gazteari eta, han lotua ikustean, galdetu zion: - Baina... nork lotu zaitu zuhaitz honetan?.

Erregearen alabak gertatu zen guztiaren berri eman zionean, mutila hura askatzen hasi zen.

Bapatean, izugarrizko hotsak entzun ziren leizearen barruan.

- Mesedez... esan zion neskak artzainari zoaz! zoaz! bestela Herensugeak zu ere hilko zaitu eta.

Baina mutilak ez zion jaramonik egin eta askatzen jarraitu zuen.

Geroxeago, herensugea azaldu zen eta artzainak bere zakurrari: - Zesar! Axa horri!.

Txakurrak herensugeari ekin zion eta, sekulako burrukaren ondoren, akatu egin zuen eta mila zatitan utzi.

Artzainak zazpi buruetako mihiak moztu zituen eta baita erregearen alabak zeramatzan zazpi gonazpikoetatik zatitxo bana ere.

Gero, alde egin zuen.

Bienbitartean, zuhaitzetara igotako begiluzeak jaitsi ziren handik eta, haietan azkarrenak sugearen zazpi buruak moztu zituen.

Gero, erregeari eraman zizkion animalia beldurgarri hura berak hil zuela esanez.

Hitzemana zeukanari eutsiz, erregeak ezkontzarako prestakuntzak antolatzeko agindu zuen.

Ospakizunaren bezperan aparteko oturuntza izan zuten.

Mahaiburuan erregea, bere alaba eta balizko heroea jarri ziren.

Artzaina ere joan zen bere txakurrarekin, baina inor ez zen ohartu hura han zegoenik.

Bazkariaren azkenaldera, artzainak esan zion txakurrari: Zesar! Ekar iezadak erregearen platera! Zesar ziztu batean altxa eta erregearen platera hartu ondoren, jabeari eraman zion.